Isunak, kontrolak, jazarpenak, galdeketak... Azken asteetako errepresioa salatu dute Sakanan
"Errepresioa gelditu! Utzi pakean Sakana! Alde Hemendik!" lelopeko pankartaren azpian Altsasun prentsaurreko masiboa burutu dute Sakanako hainbat herritarrek, bailaran azken asteetan jasaten ari diren errepresio itogarria salatzeko. Kontrolak, jazarpenak, galdeketak... ohikoak jarraitzen izaten duten arren, orain ekonomikoki ito nahi dituztela ere salatu dute. 450 €ko 30 isun baino gehiago jaso dituztela salatu dute, asko errepresioa salatzeko egindako kontzentrazioengatik jasoak. Jarraian irakurri duten prentsa ohar osoa jartzen dizuegu.

ERREPRESIOA GELDITU! UTZI PAKEAN SAKANA, ALDE HEMENDIK!
Guardia zibila aipatzerakoan, burura etortzen zaigun lehenengo hitza errepresioa da. Gurean ere ala izan da aspalditik: kontrolak, miaketak, galdeketak, sarekadak, isunak, mehatxuak, etab.
Baino errepresioa aspaldikoa den arren, etengabeko itxura berria hartzen jarraitzen du, hori diseinatzen duten agintarien erabakiz. Oraingoan, Sakanan zehazki eta Nafarroan oro har (Iruñean, Antsoainen, Leitzan, Faltzesen, etab.), errepresioak aurpegi berria erakutsi digu: zigor ekonomikoen bidezko errepresioa.
Datuak beldurgarriak dira. Guardia zibilak azken asteetan 30 isun baino gehiago jarri dizkie independentista, ezkertiar, abertzale eta gazte diren sakandarrei. Inongo arrazoirik gabe kriminalizatzen gaituzte. Ikasturte honetan daramazkigun sarekadak salatzeko kalera atera eta orduan ere errepresioa jasotzen dugu erantzun gisa. Errepresioa erabiltzen dutenak zigortu beharrean, errepresioa eta sarekadak salatzen ditugunok zigortzen gaituzte, neurriz kanpoko isunekin gainera. Jaso ditugun isun guztien batura 12.000 euro baino gehiagokoa da!
Gaur egun Euskal Herrian bizi dugun fase politiko berria kontuan hartuta, lekuz kanpo daude erabat horrelako neurriak, lehen baino areago oraindik. Gatazkaren konponbideari begira aurrerapausoak eman nahi diren honetan, ezinbestekoa da agintari politikoek arduraz jokatzea. Eta herritarron adierazpen askatasunaren eta manifestazio eskubidearen aurka jotzea ez da inolaz ere onargarria. Horregatik Sakanako instituzio eta udalei inplikazio berezia eskatzen diegu guardia zibilaren errepresio neurri oro salatzeko, eta bereziki Altsasuko udalari, bertan baitago guardia zibilaren kuartela. Herri bakoitzeko udala errepresioaren gaiarekiko duten erantzukizuna eta eskumena neurtzen hasi beharko dira.
Baina udalei bakarrik ez, herritarrak ere zuzenean inplikatu nahi ditugu salbuespenezko neurri hauek gelditu nahi baditugu. Ozen eta argi esan beharko dugu ez dugula guardia zibila hemen nahi eta ez ditugula haien isunak onartzen, ezta egunero egiten dizkiguten kontrol, mehatxu, galdeketa, etab. guztiak ere. Horregatik, aurrerantzean egingo diren ekintza eta mobilizazioetan modu aktiboan parte-hartzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Eskubideak ezin direlako isunekin zigortu, alde hemendik eta utzi pakean Sakana!
http://www.ateakireki.com/2011/03/isunak-kontrolak-jazarpenak-galdeketak.html







