Langile bat hil da Zumaiako Estaños Matiena enpresan, laugarrena aurten

32 urteko langile bat hil zen ostiralean Zumaiako Estaños Matiena enpresan (Gipuzkoa), pieza handi batek jota. Sindikatuek gogor salatu dute heriotza, eta esan dute enpresa horrek "langile migratu eta prekarizatuak" baliatzen dituela "lan arriskutsuak" egiteko.
2025eko abuztuan, beste lan-istripu bat gertatu zen enpresa berean, eta larri zaurituta eraman zuten langilea erietxera orduan, araudia betetzen ez zuen makina batekin kontaktu elektrikoa izan ondoren. Lan istripuen aurrean, Osalanen, Lan ikuskaritzan eta Lan Agintaritzan zenbait salaketa aurkeztu ditu orain arte LAB sindikatuak, baina ohar bidez azaldu du "alferrik" izan dela enpresari neurriak hartzeko eskatzea.
Urtea hasi zenetik, gutxienez lau langilek galdu dute bizia Euskal Herrian.







