lahaine.org
Euskal Herria :: 16/04/2016

Etxeratze prozesua eta amnistia

Unai Ioldi

 Zaila bezain gazi-gozoa idazki honen nondik norakoak azaltzea. Zaila azterketa zehatz bat eskatzen duelako, gazi-gozoa zure ingurua zeharka baldintzatzen duelako, baina Nazio Askapeneko Mugimendu (Sozialista Iraultzaileak) zeharkatzen duen une honetan beharrezkoa, inoiz baino beharrezkoagoa dela esango nuke nik.

Datorren apirilaren 17an “Amnistiaren norabidean preso eta iheslariak etxera!” lemarekin burutuko den manifestazioaren harira idatzi diren hainbat iritzi artikuluk, preso ohiek egindako txarlek zein manifestazioak berak idazki hau egitera behartuarazi nau.

Badira zazpi urte Ezker Abertzaleak estrategia aldatu eta bi Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua sortu eta amnistiaren eztabaida lehen lerrora ekarri zuenetik. Honek, Nazio Askapeneko Mugimenduaren baitan dauden frakzioen arteko borroka ekarri zuen, bakoitzak “aurkariaren” kontraesanetara joaz (batzuetan kontraesana bera “suposizioengatik” aldatuz…) eta behin kontraesana gainditzean beste bat aurkituz, prozesu dialektiko honek oraingo egoerara ekarri gaitu.

Lehen aipatutako kontraesan horien fase batean, “amnistia bera ezinezkoa da”, “ez dira baldintzak ematen”, “gradualki lortu behar da” etabarrekoak entzun genituen, askok gainera, zuzenki azaroaren 28an amnistiaren alde burututako manifestaziora ez joateko exigitzen zuten; hori bai, “batasunaren” izenean, ildo iraultzailearen dialektika ulertu gabe. Baziren ere, kontraesanak ikusi ez (nahita edo nahigabe) eta helburu ezkutu bat zegoela esaten zutenak, dena oso zientifikoa.

Oraingo honetan aldiz, eta amnistiaren gaiak sortu duen burrunba dela medio, Oraingo Ezker Abertzalea amnistiaren bere kontzepzioa hegemonizatu nahiean dabil (kontzepzio honen erroa klase-interes jakin batzuetan dago, bere adierazpen gorena Zutik EH!-n dagoelarik) eta laburki honetan datza: lehenengo fasean presoen arloan sentsibilitate desberdineko jende gehien batzea datza gehienbat giza eskubide zein dispertsioaren amaieraren defentsan, presio soziala zein alor instituzionala erabiliz hau amaitzeko. Honen gakoa prozesu independentista martxan jartzea izango litzateke, beste prozesu independentista batzuen tesiak mekanikoki Euskal Herrian txertatuz.

Fase honetan ere EPPK-k badu bere garrantzia non eskaera indibidualak eginez, legeak dituen baliabideak erabiliz etxeratze gradualak emango ziren.

Ondoren amnistiaren esanahi politikoa jarraikiz, gatazkaren gaindiketa dator.

Gaizki erabilitako “zentzu komuna” (superestrukturak baldintzatutakoa) jarraituz prozesu erreala dirudi, baina lehen aipatu bezala, erroan klase-interesak (hau ez da solik ekonomikoki ulertu behar, ekonomizismoan eroriaz) daude, honek dakarrenarekin. Honek zera dakar: planteamendu nagusi gehienak lorpen kortoplazistetara mugatzea, etorkizunean edukiko dituen ondorioak kontuan hartu gabe, klaseen armonia idealista horretara bideratzea heuren politikak etabar. Funtsean burgesia-txikia “kontraesanaren gizakia” da. Estatu “dezentearen” zein Lapiko Kritikoak etabar dituzten tesi postmodernoak dira adibide garbienak. Haien ustez tesi gramsciarrak dira, baina justo aurkakoa da: Ez dute masa intelektualki igotzen (independentzia hobeto bizitzeko…), alderantziz baizik. Eta hau, bai Lenin zein Gramsci berak kritikatua izan zen hemen azalduko ez ditudan arrazoiak medio.

Amnistia prozesu iraultzaile* baten ondorioa da. Amnistia preso eta iheslarien etxeratzea da, inongo baldintzarik gabe, inongo damuketarik gabe, egindakoaz harro egonda, inori barkamenik eskatu gabe. Hau guztia ukatu, eta gainera garaipen modutzat hartzeak etsaiaren logikan murgiltzea dakar, hark nahi duena onartu baituzu. Kontua zera omen da; EPPK-k hartu dituenez erabakiak horretan mantendu behar garela. Afirmazio hau egiten dutenek EPPK-ren baitan dauden ildoen borroka gaitzesten dute, eta jakina badaude horrekin desados egon eta era berean Kolektiboan jarraitzen duten kideak (hauen izenean ere hitz egiten dezute?). Kontua, ordea, bestelakoa da eta Gara/Naiz-ek paper garrantzitsua betetzen du bertan. Hauek “Kolektiboak hartutako estrategiarekin bat” datozenez, bide horri buruzko analisiak egitera mugatzen dira, horrek dakartzan “onurei” garrantzia emanez. Honekin, ikuspuntu hau soilik indartu eta EPPK-ren baitan dagoen ildoen borrokan muturra sartzen da (eztabaida beharrez koa, ikuspuntu desberdinak emanez; iritziaren monopolioa eduki gabe), bide soil bat hegemonizatzen saiatuz. Honez gain, espetxeetako egoera ere kontuan hartzekoa da. Ez zait bidezkoa iruditzen “EPPK-ren izenean” frakzio sozialreformistaren tesiei zilegitasuna ematea.

Dirudienez, dogma bakarra dago: EPPKren batasuna, haren ildoaren garapena. Ados, baina zer gertatuko da 3. gradua* hartuz gero? Zenbat egongo dira kanpoan? Nahi duenak kalkuluak egin ditzala, baina erantzukizunez “EPPK zatitzera noa” pentsatuz. Garai latzak datoz, hare gehiago barruan daudenentzat, horrexegatik Kolektibo indartsu bat da komeni dena, heuren borrokak aurrera eramango dituena, ez funtzionarioak parte bat jartzearen beldurrez erresistentzia izaera guztia galtzen duena. Hori da Kolektiboari gertatu ahal zaion gauza okerrena ene ustez, Kolektiboak berak, kolektibo izaera galtzen baitu. Eta ez Otegi jauna, mila aldiz errepikatu dezakezu presoak prozesu politiko baten baitan daudelako ez dutela izaera politikoa galtzen, baina paradoxikoa zera da, prozesu politiko horren parte izateko kalean egon behar direla, espetxean aldiz izaera politiko guztia galduta daukate.

Preso politikoek bai onartu dituzte legalitateak ekartzen zituen onurak, baina borrokatuz legearen arabera eskubideak direlako. Oraingo honetan aldiz, betebeharrak dira eta kasu posible batean 3. graduko salbuespeneko legea gaindituko balitz, egindako minaren aitortza hor egongo litzateke.

Estatuaren jarrera kontuan hartuz, normala da presoen arloan inongo pausurik ez ematea, gehienbat negoziazio prozesuetan emandako “paz por presos” eskema ez duelako behar. Estatuaren bakea hor dago, ez zaio presoen auzia axola, edoizen Estatu burges moduan. Honetaz harritzea oso esanguratsua da, historiaren garapena analisi materialistatik at uztea suposatzen baitu. Hortaz, hau gaindiarazteko presio soziala zein instituzionala konbinatzea aurkeztea ildoa kontuan hartu gabe egundoko hanka sartzea iruditzen zait, alor determinantea ildoa baita. Eta hemen, klase-interesetara itzultzen gara berriro, honek dituen muga teoriko-praktiko guztiekin.
Gatazkaren alorrean aldiz, amnistia ENAM-ek ulertu duen moduan preso zein iheslarien baldintzarik gabeko askatasuna zein espetxeetara eraman dituen gatazkaren gaindiketa da. Gatazkak gaindiketa suposatu behar du, ez normalizazioa. Zapalkuntza estrukturalaren normalizazioa da Espainiar, Frantziar zein inperialismo Anglosaxoiaren bakea, Euskal Langileriaren zein Herri Langilearen bakearen aurkakoa hain zuzen ere. Esanguratsua Aieteko Konferentzia eta Mitchell senatariari inongo kritikarik egin ez izana, gainontzeko bake prozesuetan edukitako garrantzia kontuan harturik. Berriro ere, teoria iraultzailetik oso urruti dagoela ikusten da; ideologia burgesaren adierazpen desberdinetatik elikatuz, biktimenganako postura honen adibide dugularik.

Ondorio moduan, Oraingo Ezker Abertzaleak ez du amnistia planteatzen. Ez da kasualitatea prozesu hori “amnistia” moduan hartzea, lehen aipatutako kontraesan horien ondorio baita, Amnistiaren esanahi iraultzailea babesten duen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Arkako Mugimendua nolabait deskatibatzen saiatzeko. Kontraesankorra edo hipokrita irudituko zaizue idazki hau egitea lehen azaroaren 28an burutu zen manifestaziora ez joateko deia kritikatu baitut; baina aitzitik, oso desberdina da. Azaroko manifestaziora ez joateko “konspirazioa” baitzen argumentu nagusiena, oraingo honetan aldiz, sasi-amnistia prozesu bat.

Amaitzeko, idazki hau inongo zilegitasunik ez duen, medailik ez duen ume baten iritzia besterik ez da, zoritxarrez ala zorionez beste asko eta asko bezela jaio zen momentutik gatazka honek bete betean harrapatu duen horietakoa. Zoritxarrez gerora ohartzen baitzara senide izateak zer suposatzen duen, eta zenbaterainoko garrantzia duen. Zorionez, errealitate hura bizi izanak gerorako grina ematen baitu, eta grin horrek borroka bera bururaino eremateko indarra. Hau guztiagatik ez naiz sasi-amnistia prozesuari zilegitasuna emango diona izango.

Besterik gabe, Urgulleko magaletik entzuten den hitzei jarraikiz: Aurrera beti, atzera gaizki eta noraezean inoiz ez! =============================================================

*Prozesu iraultzaile batek taktika/estrategia iraultzaren bidean konbinatzean datza, egoera zehatzaren arabera, proletalgoak botere politikoa hartzearen bidean; errealitatea transformatzea helburu duelarik. Ezin da, redukzionismoan eroriz, fokismora mugatu.
*3. Gradua hartzeko onartu beharreko neurriak, damuketa eta salaketa barne (ez det salbuespeneko legeak gainditzeko inolako estrategiaren berririk): http://www.derechopenitenciario.com/comun/fichero.asp?id=1054

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal